XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hobe litzateke, beharbada, kritika akademiko deitzea.

Hau argitu ondoren, zilegi bekit zientifiko deitura erabiltzen jarraitzea.

Izen horren azpian, sarreran esan dugun bezala, alde batetik inmanenteki egindako kritikak, eta, bestetik marxista deitu izan den kritika hartu nahi ditugu.

Lehen taldeari buruz eztabaida dexente sortu dute kritika-mota horren balio eta helburuek, baina hori gerorako utziko dugu.

Kontua da kritika-mota horrek sarreran aipaturiko eskoletatiko baten edo bestearen ikuspuntutik jokatzen duela, eta ikuspuntu horiek berekin daramatzaten helburu eta metodologiak direla hemen jokoan jartzen direnak.

Beste alde batetik, kritika-mota hori da, nolabait, euskal kritikaren maila teorikoa eta teknikoa ematen duena.

Hala ere, honek baditu, nere ustez, eragozpen batzuk: esango nuke, euskal kritikariak oso exhibizionistak direla, alegia, izugarri gustatzen zaiela beren aparatua erakustea, aparatu teoriko eta teknikoa, noski.

Izan ere, oso dudatan jartzen dut horrela planteaturiko lan baten balioa.

Esan nahi dut: azterbideak, metodoak balio du testuko zerbait aurkitzen laguntzen digun neurrian, eta zer hori aurkitu ondoren hasi behar dugu idazten.

Baina bilatze-prozesuak ez du zerikusirik erredaktatze-prozesuarekin; bi gauza diferente dira.

Ondo dago, bai, erabilitako metodologia argitzea, baina emandako pauso guztiak papereratzearen balioa dudazkoagoa da.

Hala ere, badira era honetako kritika txalogarriak.

Zientifikoa deitu dugun kritikaren lehen atal horretako kritikak Jakin aldizkariaren orrialdeetan agertu dira gehienbat, eta azkenotan Literatur Gazeta-n ere agertu da bat edo beste.

Honelakoak idatzi dituztenen artean, lehen ere aipatu ditugun Mikel Hernandez eta Josu Landa aipa genitzake; baina berauen egilerik ezagunenak Jon Kortazar eta Jesus Maria Lasagabaster dira.

Kritika-mota honetaz, gauza bat gehiago esan nahiko nuke; hau da, askotan esan da kritika-mota honek besteen aurrean daukan ezaugarria baloraziorik ez egitea dela, alegia, obra literarioaren mekanismoak eta abar agerian jartzera mugatzen dela bere eginkizuna, eta horregatik zientifikotzat jotzen du bere burua.

Eztabaidak eman dira maila teorikoan balioari buruz, eta euskal kasuan gutxi egin da tankera horretakoa, baina gogoratu behar da balorazioa ematea ezinbestekoa dela, eta kasurik puruenean ere, zein liburu kritikatu aukeratzearekin berarekin baloratzen ari dela jadanik.